Noticias
Atrás 2023-2027 Legegintzaldiko 2. urtean aurrera eramandakoak
04·08·2025

2023-2027 Legegintzaldiko 2. urtean aurrera eramandakoak
Ikasturte honetako nobedade nagusia izan da herri txikiok Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen dugun foru funtsak, gure diru-sarrera nagusiak, izan duen igoera. Honi esker, 2025eko aurrekontua handiagoa izan da, 462.000 eurokoa (2024an 324.000 eurokoa izan zen). Honek inbertsio gehiago egiteko aukera eman digu, eta horien artean ostatua irekitzea eta proiektua bideragarria egitea izan da lehentasuna, aurrerago azalduko dugun bezala. Hain zuzen, orain hiru urte ostaturako sortu zen irudia zertxobait egokitu eta herriko irudia bihurtu dugu gazteluaren sinboloa. Irudi berrituak, aurrera begira garatu nahi ditugun proiektuei frexkura emango dielakoan gaude.
Ikasturte honekin batera legegintzaldi honen erdira iritsi gara, uda garaian gaude eta orain erritmoa jaitsi eta deskantsatzea tokatzen da, irailean indarberrituta ekiteko lanari. Hain zuzen, udatik bueltan orain arteko lanaren balorazioa egin eta aurrera begira jarri nahiko genuke herritarrekin batera. Horretarako, herri-bilera egingo dugu irailaren 23an. Gonbidatuta zaudete. Uda on guztioi!
Udal taldea
Ostatua
Pasa den urteko Pazko Astean ostatua itxi zenetik, honen irekierari eta proiektua bideragarri egiteari lehentasuna eman diogu eta buru-belarri aritu gara lanean. Momentuz, ordea, ez da posible izan ostatua irekitzea. 12 pertsona edo interesatu ingururekin elkartu gara denbora honetan, eta inguruko herrietako ostatuetako ereduak ezagutu ditugu. Ostalaritzan esperientzia duten herritarrekin bilera egin genuen otsailean eta herri batzarra martxoan. Segidan lehiaketa publikoa irekitzea erabaki genuen eta bi proiektu aurkeztu ziren. Azkenean, ordea, biek atzera egin zuten, arrazoi desberdinak tarteko.
Ostatua herriarentzat oso proiektu garrantzitsua dela uste dugu herritarren topaleku nagusi delako. Ondorioz, udalaren lehentasuna da proiektua aurrera ateratzea eta ahalik eta bideragarriena egitea. Horri begira, obra ere egin berri dugu ostatuan energia aldetik eraginkorragoa izateko: jangelan pellet tximinia jarri dugu eta goiko solairuetara pasatzeko itxitura egin dugu beroa gora aldera galdu ez dadin. Oinarrizko produktuak izango dituen denda txiki bat jartzeko espazioa ere egokitu dugu. 14.700 euro kostatu da obra eta berau finantzatzeko dirulaguntza lortu berri dugu Diputazioan.
Horrezgainera, eraikineko ganbara eraberritu eta kultur ekintzetarako erabili nahi genuke ostatuari bultzada eman diezaion. Espazioa egokitzeko dirulaguntza proiektua aurkeztu genuen pasa den ekainean Jaurlaritzan baina ezezkoa jaso dugu. Irailetik aurrera berriro ekingo diogu herriko ostatuaren proiektuari.
Ura
Uraren kudeaketa da beste lehentasunetako bat, eta inbertsio nagusiak hontara ere bideratuko dira. Ur-depositua digitalizatzen hasi ginen pasa den urtean; uraren maila eta kloroa neurtzeko sistemak jarri genituen eta orain kaudalimetroa jartzera goaz. Deposituko teilatua konpontzeko dirulaguntza eskatu genuen Jaurlaritzan pasa den urtean, ez ziguten eman, eta aurten berriro eskatu dugu. Horrezgainera, hodietan fugak detektatzen dituen enpresarekin errepasoa egin zen udazken hasieran eta topatutako fugak konpondu genituen. Hainbat ur kontadore berritu dira, eta iraila-urrian auzolana egingo dugu iturburuak garbitzeko. Ezinbestekoa da guztiok ura modu arduratsuan kontsumitzea, eta batez ere, ur-kantitate handiak erabiltzera goazenean udaletxean aurrez abixatzea eta ura pixkanaka hartzea eta ez bapatean.
Etxebizitzak
Aurten ezingo diogu herriko hirigintza arau orokorrak (APOA) berritzeari ekin finantziazio nahikoa ez dugulako. Erbien Errekako urbanizazioari irtenbidea emateko elkarrizketak mantentzen ari gara Etorlurrekin (Diputazioa), eta etxebizitza tasatuen ordenantza berritu dugu.
Herri-bideak
Herri-bideak konpontzeko Diputazioak ematen duen dirulaguntza lortu genuen pasa den urtean, eta Zapatari-Etxeberri baserrira doan bidearen egonkortze eta pabimentazio lanak egingo dira irailean. 36.818 euroko aurrekontua du obrak eta Asfaltos Urretxu S.A.-ri esleitu zaio.
Pasa den ekainean izandako ekaitzaren ondorioz sortutako kalteak bideratzeko harremanetan gaude Diputazioarekin. Udalak herritarrekin elkarlanean luizi batzuk eta bi etxeetako bideak konpondu ditu. Zorionez, gurean ez zituen beste hainbat herritan izandako kalte larriak eragin.
Nekazaritza eta mendiak
Seguroak tarteko, pabiloiko erabilera erregulatzeari ekin diogu. Lehen bilera bat egin zen erabiltzaileekin, eta aurrerago bilera ireki bat egingo da. Bestetik, Larte azpiko ataka berritu da abereen igarobidea kontrolatzeko.

Tolosaldea Garatzenen bidez, desomologatuta zegoen herriko mendi-ibilbide bat homologatzeko aukera izango dugu, eta seinaleak berrituko dituzte.
Ordenantza fiskala
Ordenantza fiskal berria onartu dugu. Ohiko irizpidea jarraituz, KPIaren eguneraketa egin zaio ibilgailuen zergari, hondakinen kudeaketaren tasa eguneratu behar izan dugu 7/2022 legeak behartuta, baita urarena ere mantentze-gastuak eta diru-sarrerak orekatu ahal izateko. Kasu honetan nekazarientzako hobaria aplikatzen jarraituko da, eta beste berri bat gehitu da diru-sarrera baxuak dituztenentzako.
Adinekoak
Ikasturte hasieran adinekoentzat gimnasia ikastaroa martxan jartzen saiatu ginen baina ez zuen aurrera egin kopuru minimoa lortu ez zelako. Jubilatuentzako irteera ere ez da aurrera atera aurten.
Haur eta gazteak
Kzgunea udaletxera pasa genuen ordenagailuak denon eskura egoteko, eta Kzgunea zena 12-17 urte bitarteko gaztetxoentzat egokitzen hasi gara, beraien eskaerei erantzunez. Diputaziotik lortutako laguntza programa baten bitartez, bi egunetako parte-hartze prozesu bat egin zuten espazio honi zein erabilera eman eta arautegi bat zehazteko. Auzolanean txukundu eta pintatu genuen, eta orain espazioa atontzen ari gara udazkenetik aurrera erabiltzen hasi daitezen.

Urtero bezala, ludoteka zerbitzua eskaini da udan, Eguberrietan eta Aste Santuan. Euskal dantzen ikastaroa ere martxan jarri da ikasturte honetan eta ikuskizun ederra eskaini zuten herriko haur eta gazteek Udaberri festan.


Berdintasuna
Diputazioko Berdinbidean programari esker eta berdintasun politikak sustatzeko asmoz, hiru tailer egin dira: Sexuen hezkuntza tailerra gazteekin, Maskulinitateak gizonekin, eta Emakumeen sexualitatea eta erotika tailerra emakumeekin. Hainbat herri txikik parte hartzen dugun Diputazioko Berdinbidean Txikiak egitasmotik proposamen berria jaso dugu eta datorren ikasturtetik aurrera Indarkeria matxistaren prebentzioa gazteen artean ildoa lantzen hasiko gara ludotekako eremuan ludotekako begiraleekin batera.
Martxoaren 8an herriko emakumeen bazkaria egin genuen Belauntzako ostatuan, eta, urtero bezala, auzolanean egindako oparia banatu zen etxe guztietara, aurtengoan eskuz egindako xaboia.
Ekintza sozio-kulturalak
Joan den urteko herriko festak ederki joan ziren, eta aurtengoak prestatzen ari da buru-belarri kultura batzordea. Azaroan egin ohi dugun asteburu kulturala oso polita izan zen eta Udaberri Festa, berriz, bikaina atera da aurten. Eguberri gauean Olentzero eta Maridomingiren bixita magikoa izan genuen, eta negu honetan lehen aldiz bertso-bazkaria egin genuen Erroizpe elkartean Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaranekin; oso gustura, eta urteroko hitzordua bilakatzeko gogoz atera ziren parte hartzaileak. Ekaina bukaeran Isidro Larrañaga eskolako ikasleen kontzertu ederra ere izan dugu herriko plazan. Azkenik, joan den urteko ekainean Uliko bordan egin zen I. Erromeri eguna irailaren 20an egingo da aurten, bertan Berastegi, Orexa, Lizartza, Leaburu eta Gazteluko herritarrak elkartuko gara festa giroan inguruko herrion arteko harremanak estutzeko.

Auzolana
Maiatzaren 17an auzolana egin zen herriko hainbat txoko txukuntzeko. Eskolako espazioa pintatu zen haur eta gazteekin batera, parkea barnizatu zen, frontoi atzeko komun publikoetako fatxada txukundu zen, eskolako zein pabiloiko kanaloiak garbitu ziren, eta Itturrihaundiko teilatua konpondu zen.


Gazteluko Herri Kirol Taldea eta sega
Aurten lehen aldiz Gazteluko I. Sega Ligilla antolatu du herriko Herri Kirol Taldeak. Lehen saioa ekainaren 23an izan zen, bigarrena herriko festetan, abuztuaren 15ean izango da, eta azkena irailaren 27an. Maiatzean Katalunian izan ziren Hostalets d´en Bas-eko Dia de la Dalla-n (segaren eguna) sega-erakustaldia egitera gonbidatuta. Berriki, Almitzako Euskal Herriko sega txapelketa jokatu da eta bertan klasifikatu diren herriko lau gaztetxok abuztuan Alemanian jokatuko den Europako txapelketan parte hartuko dute. Inge Goikoetxea Arrizurieta, Lorea Zunzunegi Adurriaga, Xuban Gartzia Arias eta Mari Olazar Aranzabal dira gazteak.

Bestelakoak
Udaletxeko langileen egonkortze-prozesua egin dugu baina aguazilarena hutsik geratu da lehen postuetan zeudenek hartu ez dutelako eta gainerakoek baldintzak betetzen ez zituztelako. Beraz, orain artean bezala jarraituko du lanean Germanek. Udako hiru hilabeteetarako bigarren langile bat kontratatu da lanaldi erdiz garai honetako lan-pilaketari erantzuteko.
X sare soziala izan du orain arte udalak, eta hemendik aurrera Gaztelu herria Instagram kontua ere izango dugu. Kanala zabaltzean, honen berri emango dizuegu. Jarraitu ezazu! (instagramerako lotura)
Azkenik, gogoratu nahi dugu, udaletxeko informazioa paperean (buzoian) jasotzeaz gain, whatsapp-ez mugikorrean jasotzeko modua martxan jarri genuela. Horretarako, beharrezkoa da datuen babeserako legeak eskatzen duen orria bete eta sinatzea. Ez baduzu egin, pasa zaitez udaletik orria betetzera.
*Ekimen gehienak herrian martxan ditugun Kultura Batzordea, Berdintasun Batzordea, eta Uraren lantaldetik bideratu dira. Eskertzekoa da ere Erroizpe Kirol eta Kultur Elkarteak egiten duen lana hainbat ekimen aurrera ateratzeko (herriko festak, asteburu kulturala, Udaberri festa…). Zorionak berriz, Gazteluko Herri Kirol Taldeari aurten aurrera eramandako ekimen guztiengatik.
